XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Liturgia eta, noski, bere ekintzak eta ohikuneak ez dira bakarrik graziaren bide edo grazi-iturri huts.

Beste zerbait ere badira eta beste zerbait hori ondo ulertzen ez badugu, ez dugu egoki ulertuko kristau liturgiaren aberastasuna, ez eta bere egiteko orokorra ere.

Eta hau da sakramentu izaera, liturgiaren ezaugarri edo signum eta sinbolo alderdia.

Honela dio Kontzilioak (SC, 59): Sakramentuak gizon-emakumeak santutzera, Kristoren Gorputza eraikitzera eta, azken batean, Jaungoikoari gurtza ematera zuzenduak daude; baina, ezaugarri edo sinbolo direnez gero, badute pedagogi helburu bat ere.

Fedea aurrez eskatu bakarrik ez dute egiten, baizik era berean fede hori janaritu, sendotu eta adierazi egiten dute hitzen eta gauzen bidez; horregatik deitzen zaie sinesmen sakramentu...

Beraz, oso garrantzi haundia du kristauek sakramentu ezaugarriak eta sinboloak garbi ulertu ahal izateak

Kristau liturgiari berezko zaion sakramentu izaera eta pedagogi helburu horrek berekin darama zenbait ezaugarri eta sinbolo erabiltzea.

Hauek ez dira, beraz, garrantzirik gabeko apainduri eta gehigarri huts.

Liturgiaren alderdi hau ez da gauzak erakarkiago eta politago gerta daitezen apaindurizko eraskin.

Liturgia kristau bizitzari berezkoa eta ezinbestekoa zaion neurrian, liturgiari berari ere horrela zaio sakramentu izatea.

Bere-bereak ditu ikusten ez denaren ezaugarri eta azalpen izatea, sinboloak, jarrerak, hitzak, keinuak eta beste zenbait holako gauza.

Jainkoak berak salbamen historia osoan eraman duen bideari eta, batez ere, Jainko-Gizakundeak ezarri duen bidearekin estuki lotua dagoen jokabidea du hau kristau liturgiak.

Liturgiak, egiazkoa izan dadin, gizakia bere osotasunean, hartu behar du.

Ez bait da buru-gogaeta soil, pertsona; osoaren ekintza baizik.

Gizakia, ordea, gorputz-espirituaren batasunean osaturiko izakia da.

Barne-espiritua gorputzaren bidez adierazten duena.

Hau kontutan izan gabe, liturgiak ez dio egoki erantzuten bere egitekoari.